Puntu.eus https://puntu.eus Tue, 03 Mar 2026 22:24:13 +0000 eu-ES hourly 1 https://wordpress.org/?v=6.9.4 https://puntu.eus/wp-content/uploads/2023/01/cropped-favicon-32x32.png Puntu.eus https://puntu.eus 32 32 _GANDIK.EUS PROIEKTUAK ZILARREZKO AEBRAND SARIA ESKURATU DU, BRANDING ARLOKO BIKAINTASUN AITORPENA https://puntu.eus/_gandik-eus-proiektuak-zilarrezko-aebrand-saria-eskuratu-du-branding-arloko-bikaintasun-aitorpena/ Tue, 03 Mar 2026 22:24:11 +0000 https://puntu.eus/?p=6917
  • “Gizarte-inpaktua” kategorian lortutako sariak Burutü branding agentziak, Puntueusentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat, garatutako marka lana aintzatesten du.
  • Sariak  _GANDIK.EUS-en identitate kolaboratiboa, euskarazko storytelling berritzailea eta gazteen eta tokiko merkataritzaren digitalizazioaren arteko loturan duen eragina nabarmentzen ditu.

_GANDIK.EUS proiektuak zilarrezko AEBRAND saria jaso du, Gizarte-inpaktua kategorian. Izaskun Gómezek, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza zuzendaria; Josu Waliñok, Puntueus-eko zuzendaria; eta Melissa Mansok, proiektuaren sormen arduraduna Burutü-n, jaso dute saria Madrilgo CaixaForumen egindako ekitaldian. AEBRANDek (Asociación Esañola de Branding) deituta eta antolatuta, eta entitate profesional eta enpresarialek babestuta, sari hauek Espainia eta Iberoamerikako branding arloko bikaintasuna eta jardunbide egokienak saritzen dituzte, eta bereziki eragiteko gaitasuna eta sektorearen lehiakortasunari laguntzeko gai diren ekimenak nabarmentzen dituzte.

Burutü branding agentzia arduratu da proiektu honen marka-estrategia garatzeaz, Puntueus-ek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatuta. Marka posizionamendu irisgarri, moderno, kolaboratibo eta positiboa eraiki da, eta digitalizazioa giza prozesua dela erakutsi.

Marka garapenaren zein emaitzaren bereizgarri nagusienetako bat euskaratik sortua dela da, eta hizkuntza-joko sortzailea erabiltzen duela bere narrazioan. Izenak “gandik” euskal deklinabidea du oinarri, “noren eskutik” esan nahi duena, eta pertsonen arteko lotura emozionala irudikatzen du (zuregandik, niregandik, guztiongandik).

Egitura gramatikal honekin jolastuz, “… _gandik … _gana” formula akeratu da mezuak sortzeko; pertsonak batzen dituen eta lokaletik globalera doan ibilbidea sinbolizatzen du: gazteengandik eta lankidetzatik merkatariengana, merkataritzaren eraldaketa digitala helburu. Baliabide semantiko honek proiektua komunitatetik sortzen dela eta komunitatearentzat egiten dela azpimarratzen du.

Narrazio hori guztiori unibertso bisualera ere eramaten da. Azpimarraren erabilera sistematikoak (“_gandik”) diskurtso-elementu gisa funtzionatzen du, komunitatearen parte-hartzeari irekitako espazio bat iradokitzen du, eta, aldi berean, ekosistema digitalari keinu zuzena egiten dio. Bere kolore korporatiboek, arrosak eta horiak, izaera marrazten dute: arrosak hurbiltasuna, sormena eta pertsonalaren balioa adierazten ditu, eta horiak, berriz, mugimendua, energia, ilusioa eta argitasuna.

Finean, Burutü agentziak eta _GANDIK.EUSen sustatzaileek –Puntueus eta Eusko jaurlaritzako Merkataritza Saila– hizkuntza-sustrai sakonak dituen proposamen baten bidez merkatariek eta gazteek elkarrekin tokiko merkataritzaren etorkizuna bultzatzen duen mugimendu aktibo eta eraldatzailea artikulatu izana aitortu du AEBRAND sariak. 

_GANDIK.EUS-I BURUZ

_GANDIK.EUS Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritzak eta PUNTUEUS Fundazioak elkarrekin sustatutako ekimen berritzailea da. Bere helburu nagusia da herriko ikasleek tokiko saltokientzako webguneak sortzea, euskaraz eta doan. Helburu horren bidez, hiru ardatz nagusi lantzen dira: gazteen heziketa digitala, merkataritzaren digitalizazioa eta euskararen sustapena ingurune digitalean.

_GANDIK.EUS-en bidez, DBH, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek, irakasleek gidatuta, webguneak garatzen dituzte tokiko negozioentzat. Metodologia honekin gaitasun tekonologikoak garatzeaz gain, belaunaldien arteko lotura sendoak eta benetako lankidetzak sortuko dira, udalerriko kohesio soziala sendotuz eta komunitatearen etorkizuna elkarrekin eraikiz.

Proiektua 2025-2026 ikasturtean hasi zen fase pilotu batekin Portugaleten eta Beasainen, non zazpi ikastetxetako 130 ikasle 30 webgune garatzen ari diren merkataritza eta elkarteentzat. Hasierako esperientzia horren ondoren, 2026-2027 ikasturtean, beste lau udalerritara hedatuko da, lurralde historiko bakoitzean bat, eta 2027an beste lau gehituko dira, guztira hamar udalerri izatera iritsiz.

]]>
Zibererasoen aurkako kontrolak zorrozdu ditu puntueusek, phishing kasuen gorakadari aurre egiteko. https://puntu.eus/zibererasoen-aurkako-kontrolak-zorrozdu-ditu-puntueusek-phishing-kasuen-gorakadari-aurre-egiteko/ Thu, 05 Feb 2026 14:06:29 +0000 https://puntu.eus/?p=6876

Zibererasoak %10 hazi dira .EUS domeinuetan, eta phishing kasuak bikoiztu egin dira.

PUNTUEUS Fundazioak .EUS domeinuen segurtasun egoeraren urteko argazkia osatzen duten zibersegurtasun-datuak eman ditu ezagutzera. 2025eko datuen arabera, erasoen tasa %10 hazi da 2024 urtearekiko, eta mehatxu nagusia phishinga izan da. Iazko urtearekin alderatuta, phishing kasuak bikoiztu egin dira: 2024an 9 kasu erregistratu ziren, eta 2025ean 18.

Phishinga erabiltzailearen datuak edo identitatea lapurtzen saiatzen den eraso mota da, webgune legitimoak diruditen guneen bidez informazio pertsonala (kreditu txartelaren zenbakiak, bankuko informazioa edo pasahitzak, adibidez) eskuratuta.

Josu Waliñok –Puntueuseko zuzendaria– azaldu duenez, adimen artifizialaren erabilerak erasoak sofistikatuago bihurtu ditu, eta nahiz eta askotan urrutiko jatorria izan, gero eta ohikoagoa da euskarazko edukia ere erabiltzea engainua sinesgarriago egiteko. “Adimen artifizialak hizkuntza-hesiak hautsi ditu. Orain erasoak gure hizkuntzan iristen zaizkigu, biktimaren konfiantza errazago bereganatuz”.

2022TIK 2025ERA: DETEKZIOA ZABALDU DA, ETA ALERTAK NABARMEN UGARITU DIRA

Atzera begira zabalagoa eginda, 2022tik 2025era detektatutako eraso saiakeren hazkundea are nabarmenagoa izan da. 2022an 29 kasu detektatu ziren (% 0,2ko abusu-tasa), horietatik 6 positibo faltsuak. 2025ean, berriz, 117 kasu detektatu dira (% 0,7ko abusu-atasa), eta 46 positibo faltsuak izan dira. 

Datu hauek bi ideia nagusi azpimarratzen dituzte: alde batetik,  zibermehatxu saiakeren hazkunde orokorra (Cyberzaintzaren arabera, zibererasoak % 48 igo dira Euskadin azken bi urteetan); bestetik, positibo faltsuen gorakada detekzio zabalagoaren seinale da, hau da, detekzio-gaitasuna zabaldu da eta analisi prebentiboa indartu da.

2025ean, monitorizazio lanetan adimen artifiziala erabiltzen hasi da PUNTUEUS, zibererasoak modu prediktiboan detektatzeko. Monitorizazio-tresnak erregistratzen diren domeinu berriak aztertzen ditu, eta maltzurra izateko arriskua duten kasuak markatzen ditu, teknikariek eskuz berrikusi ditzaten. Prozesu prebentibo horrek alerta gehiago sortzen ditu, tartean faltsu positiboak, baina helburua argia da: mehatxu posibleak lehenbailehen identifikatzea eta kaltea gertatu aurretik jarduteko aukera handitzea.

BLOCK.EUS, BABES GERUZA PREBENTIBO GISA

Monitorizazioaz gain, PUNTUEUSek BLOCK.EUS zerbitzua eskaintzen die erakundeei prebentzioa indartzeko. Nortasun-ordezkapena jasateko arriskua duten erakundeentzat diseinatua, zerbitzu honek typosquatting (izen antzekoak erregistratzea) eta phishing saihesten ditu bezeroaren .EUS domeinu-izenaren milaka aldaera blokeatuz. Waliñoren hitzetan: “Gure helburua ez da soilik erasoa gertatutakoan erantzutea, baizik eta eraso horiek gauzatzeko beharrezkoak diren domeinu-izen faltsuak aurretiaz blokeatzea; segurtasun digitala prebentzioan oinarritu behar dugu derrigorrez”.

INFORMAZIO GEHIAGO

EUS domeinuen aurkako zibererasoen bilakaera  edonork kontsultatzeko moduan dago online eta denbora errealean: https://puntu.eus/zibersegurtasun-behatokia/.

 Zigiluak datu pertsonalen babesa eta mehatxuen aurreko babesa egiaztatzen ditu Puntuesiko harreman guztietan.

]]>
PUNTUEUSEK ETA IZARKOMEK LANKIDETZA-HITZARMENA SINATU DUTE. https://puntu.eus/puntueusek-eta-izarkomek-lankidetza-hitzarmena-sinatu-dute/ Wed, 12 Nov 2025 10:10:02 +0000 https://puntu.eus/?p=6819

Euskara, komunitatea eta teknologia propioetan oinarrituriko digitalizazioa sendotzea da helburua. 

Donostian, 2012ko azaroaren 12an 

PUNTUEUS Fundazioak eta IZARKOM Kooperatiba Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Akordio honen bidez, bi erakundeek euren indarrak batuko dituzte euskarazko eta komunitatean oinarritutako digitalizazioa sendotzeko, eta teknologia propioetan eta euskararen presentzia digitalean oinarritutako proiektuak garatzeko.

Burujabetza digitalaren aldeko elkarlana

PUNTUEUS Fundazioa .EUS domeinuaren kudeaketaz eta sustapenaz arduratzen da, eta gizarte digital hobea du helburu, euskaratik kohesionatuz, segurtasuna bermatuz eta inklusioa sustatuz. Bestalde, IZARKOM Euskal Herriko Telekomunikazio Gizarte Intereseko Kooperatiba Elkartea da, burujabetza teknologikoaren eta autogestioaren alde lan egiten duena.

Bi erakundeek ikuspegi partekatua dute: euskarazko, burujabe eta etiko den ingurune digitalaren alde egitea. Hori dela eta, sinatutako hitzarmenak euskal eremu digitalean lankidetza estrategikoa ezartzen du, komunitateari balio erantsia eskainiko dioten ekimenak elkarrekin garatzeko.

Lankidetzaren ardatzak

Hitzarmenaren bidez, PUNTUEUSek eta IZARKOMek hainbat lan ildo garatuko dituzte, tartean .EUS domeinuaren sustapena, eduki eta komunikazioen garapena, prestakuntza eta sentsibilizazioa jardunaldiak (tailerrak eta ekitaldi publikoak, burujabetza teknologikoaren eta euskararen erabileraren alde), eta etorkizuneko ekimenen azterketa aurreikusi dituzte (software librea, datuen segurtasuna edo hodei propioak bezalako proiektu berrien lanketa).

Testuinguru horretan, Lorea Arakistain izango da IZARKOMek antolatzen duen hurrengo IZARKOM Eskolako gonbidatua. ‘Nortasun digitala eta zibersegurtasuna’ TB-podcast solasaldia azaroaren 26an izango da Bilboko nodoan eta HamaikaTBn ikusi ahal izango da ondoren. 

]]>
PUNTUEUSek .EUS domeinua erregistratzeko laguntza-zerbitzua jarri du abian, EUSEBIO pertsonaiarekin batera https://puntu.eus/puntueusek-eus-domeinua-erregistratzeko-laguntza-zerbitzua-jarri-du-abian-eusebio-pertsonaiarekin-batera/ Wed, 08 Oct 2025 08:40:19 +0000 https://puntu.eus/?p=6764

PUNTUEUSek, .EUS domeinuaren kudeatzaileak, zerbitzu berria jarri du abian euskal enpresa eta profesionalei interneten presentzia sendotzen laguntzeko. Domeinua erregistratzeko prozesua erraztea helburu, laguntza-zerbitzua eskainiko du, eta kanpaina berezia jarri du martxan zerbitzua ezagutzera emateko. Kanpaina horren protagonista EUSEBIO pertsonaia da, Iker Galartza aktoreak gorpuztua.

EUSEBIOk berak azaldu bezala:

“Eus naiz, Eusebio, .EUS domeinuko zure laguntzailea naiz, eta bi berri on dauzkat zuretzat. Bat: hilabete honetan 9 euroan eskuratu dezakezu domeinua. Bi: domeinua erregistratzeko laguntza nahi baduzu, hitzordu bat eskatu dezakezu nirekin. Gehiago jakiteko: eusebio.eus.”

Landing page baten bidez, interesdunek hitzordu bat eskatu ahal izango dute, domeinuaren erosketa prozesua laguntzaile batekin batera egiteko.

Kanpainak hilero sektore jakin bati egingo dio eskaintza, eta hilabete guztietan eskaintza bera izango da: .EUS domeinua 9 euroan

Gaur egun, Euskal Herrian dauden 220.000 domeinutatik 15.500 dira .EUS (%7). Euskarazko edukiren bat duten webguneak 25.000 dira. 

Informazio gehiago eta kanpaina osoa eusebio.eus en eta gure sare sozialetan @puntueus.

]]>
“GUZTIOK DUGU ZER ESANA: NOLAKO ADIMEN ARTIFIZIALA NAHI DUGU ETA ZERTARAKO” https://puntu.eus/usue-mori-carrascal-gladys-saria-2025/ Fri, 26 Sep 2025 10:38:13 +0000 https://puntu.eus/?p=6722

USUE MORI CARRASCAL, GLADYS SARIA 2025

  • Usue Mori Carrascal ikertzaile eta irakasleak jaso du aurtengo Gladys Saria
  • Adimen artifiziala gizartearen ongizatera bideratzeko eta ezagutza transferitzeko urratutako bidea nabarmendu du epaimahaiak
  • Bideo-elkarrizketa ikusi

Donostia, 2024ko irailaren 26a. Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) izan da Gladys Sariaren V. edizioko irabazlea, eta PUNTUEUS eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultatearen eskutik jaso du garaikurra EHUko Informatika Fakultatean egin egin den ekitaldian. 

Saria ematerakoan, Morik jakintzaren transferentziaren alde egindako lana nabarmendu du epaimahaiak: haren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dute eta ezagutzaren emaitzak praktikara eramaten dituzte, gizarteak horien onura zuzenean jaso dezan; haren jardunak erakusten du ikerketa ez dela zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela.

Usue Moriren hitzetan, adimen artifiziala geratzeko iritsi eta “guztiok izan beharko genuke zer esana: nolako adimen artifiziala eta zertarako nahi dugun. Ez genuke utzi behar adimen artifiziala teknologia-enpresa handien esku bakarrik”.

Helburu horrekin AAren transferentzia gizarteko hainbat eremutan gauzatzen ari da, eta aldi berean, jende askoren parte-hartzea eta aktibazioa sustatzeko gaitasuna aitortu dio epaimahaiak. 

Sarituaren ibilbidea

Usue Mori Carrascal EHUko irakasle agregatua da, Konputazio Zientziak eta 

Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea ere bada. Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. 2015etik irakasle da unibertsitatean.

Ibilbide akademiko oparoaz gain, Morik ikerketa akademikotik haratago joateko hautu ausarta egin du. Haren helburua ez da soilik argitalpen zientifikoen kopurua handitzea, baizik eta adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea, eta ezagutza praktikara eramatea.

Morik berak aitortu duenez orain gutxi arte bere lan-ildoa ikerketa hutsa zen, ikerketa horrek gizartean izan zezakeen inpaktuari erreparatu gabe. Orain, aldiz, haren kezka nagusia da egiten duen lana gizartearen onurarako izatea. 

Genero-ikuspegidun saria

V. edizioa bete berri duen Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu. Zentzu horretan teknologiaren esparruan hasi nahi duten neska gazteei zuzendu zaie aurtengo sariduna: “esango nieke nahi dutena egiteko, egiten duten horrekin disfrutazeko; eta pixka bat kañerak izateko, eta ez isiltzeko”.

PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko Berdintasunerako zuzendaritza

]]>
EUSKO JAURLARITZAK, ETA PUNTUEUSEK GANDIK PROIEKTUA AURKEZTU DUTE, TOKIKO MERKATARITZA GAZTEEN ESKUTIK DIGITALIZATZEKO https://puntu.eus/eusko-jaurlaritzak-eta-puntueusek-gandik-proiektua-aurkeztu-dute-tokiko-merkataritza-gazteen-eskutik-digitalizatzeko/ Wed, 24 Sep 2025 14:13:11 +0000 https://puntu.eus/?p=6700 The current image has no alternative text. The file name is: gandik_prentsaurrekoa-scaled.jpg

Portugaleteko 16 saltokik eta 4 ikastetxek parte hartuko dute proiektu pilotuan.

GANDIK proiektua Portugaleteko udaletxean aurkeztu da, gaur: merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeko eta, aldi berean, gazteen gaitasun digitalak sendotzeko helburua duen ekimen berritzailea da. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta PUNTUEUS Fundazioaren ekimena da, eta 2025-2026 ikasturtearekin bat abiatuko da, Portugaleten eta Beasainen. 

Aurkezpenean parte hartu dute Maria Jose Blanco Portugaleteko alkateak; Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak; eta Josu Waliño PUNTUEUSeko zuzendariak. Ekitaldian, gainera, proiektuan parte hartuko duten merkatarietako eta ikastetxeetako ordezkariak eta Portugaleteko Merkatarien Elkartea ere izan dira.

PUNTUEUSek Google Maps-eko datuetan oinarrituta egindako azterketa baten arabera, Portugaleteko 636 saltokietatik 195ek soilik (%31) dute webgune aktiboa. Datu horiek Euskadiko batez bestekoaren parekoak dira eta agerian uzten dute merkataritzaren bi herenek ez dutela oraindik interneten presentzia errealik.

Josu Waliñok nabarmendu du egoera honek aukera handia eskaintzen duela merkataritza txikiaren ikusgarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko. Javier Hurtado sailburuak, bestalde, merkataritzaren egungo egoera azaldu du, azpimarratuz “digitalizazioa eta belaunaldi-erreleboa direla sektoreak dituen erronka nagusietako bi”.

BELAUNALADIEN ARTEKO LANKIDETZA ABIAPUNTU

Proiektuaren ardatz berritzaileena gazteen eta merkatarieen arteko lankidetza eta harremana dira. GANDIKen bidez, Portugaleteko DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek, beren irakasleen gidaritzapean eta PUNTUEUSen laguntzarekin, tokiko negozioentzako webguneak garatuko dituzte. Proiektu honek aukera emango die gazteei tokiko merkataritza-sarea sakon ezagutzeko, eta merkatariei berrikuntza-ikuspegia eta gaitasun teknologikoak jasotzeko, euren negozioa indartzeko. Horrela, belaunaldien arteko lotura sendoak eta benetako lankidetzak sortuko dira, udalerriko kohesio soziala sendotuz eta komunitatearen etorkizuna elkarrekin eraikiz.

Fase pilotuan, lehen urtean martxan jarriko den honetan, udalerri bakoitzean hamar saltoki inguru digitalizatzea aurreikusten da, lau hezkuntza-zentrok eta 100 ikasle inguruk parte hartuta. Merkatariek ez dute ezagutza teknikorik edo baliabide handirik behar izango, ikasleek hartuko baitute webguneak sortzeko ardura osoa. Gainera, webgune bakoitzak urtebetez doako .EUS domeinua eta zerbitzaria izango ditu, PUNTUEUSen ekarpenari esker, eta saltokiei prestakuntza eta laguntza eskainiko zaie, webguneak modu errazean eta autonomoan kudeatu ahal izateko.

GANDIK proiektuaren bereizgarrietako bat euskararen presentzia digitala sustatzea da. Webgune guztiak gutxienez euskaraz sortuko dira, eta merkatariek beste hizkuntza batzuk gehitu ahal izango dituzte, hala nola gaztelania edo ingelesa, haien bezeroen beharren arabera. Josu Waliñok gogorarazi duenez, “euskarak protagonismo nabarmena du GANDIKen. Edukiak euskaraz sortzeak balio erantsia ematen dio proiektuari, merkataritzaren digitalizaziotik harago, hizkuntza eraldaketa digitalaren erdigunean kokatzen du”.

PORTUGALETE ETA BEASAIN

Portugaletek pilotu fase honetan parte hartzeko erronka hartu du bere gain. Portugaleten eta Beasainen 2025-2026 ikasturtean egingo den esperientziak ereduaren indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzea ahalbidetuko du. Izan ere, GANDIK proiektuak badu aurrekari bat: Elgoibarren antzeko proba pilotua gauzatu da azken bi ikasturteetan “Elgoibartik Mundura” proiektuaren lelopean: 2023-2024 ikasturtean Elgoibarko ikasleek herriko irabazi asmorik gabeko elkarteen webguneak sortu zituzten eta pasa den kurtsoan, ikasleek egindako lanaren onuradunak herriko tabernariak izan ziren. Bai ‘Elgoibartik Mundura’ eta bai GANDIK proiektuak ‘Kaixo Mundua‘ metodologian oinarritzen dira, PUNTUEUSek ikasleen gaitasun digitalak lantzeko sortutako proiektuan. 

Orain, GANDIKen bidez, ikasitakoa eskala zabalagoan aplikatuko da, izan ere, 2026-2027 ikasturtean, beste lau udalerritara hedatuko da, lurralde historiko bakoitzean bat, eta 2027an beste lau gehituko dira, guztira hamar udalerri izatera iritsiz.

Aurkezpenean, María José Blanco Portugaleteko alkateak Udalaren konpromisoa nabarmendu du: “gure merkataritza-sareak aukera handiak ditu oraindik digitalizazioaren arloan, eta GANDIKek ateak irekitzen dizkie aukera horiei. Aldi berean, gure gazteei aukera eskaintzen die benetako proiektu batean parte hartzeko, haien prestakuntza sendotuz eta gure udalerriaren etorkizuna eraikitzen lagunduz”.

Portugaleteko zein Beasaingo merkatariek, gainera, oraindik badute izena emateko aukera www.gandik.eus webgunearen bidez. Parte-hartzeak ez du inolako kosturik, eta aukera paregabea da saltokientzat gazteen laguntzarekin eraldaketa digitalaren lehen urratsa emateko.

Informazio gehiago: www.gandik.eus

]]>
USUE MORIK JASOKO DU 5. GLADYS SARIA https://puntu.eus/usue-morik-jasoko-du-5-gladys-saria/ Tue, 16 Sep 2025 06:53:27 +0000 https://puntu.eus/?p=6664

Sari banaketa irailaren 26an izango da, EHUko Informatika Fakultatean 

  • Adimen artifiziala gizartearen ongizatera bideratzeko eta ezagutza transferitzeko urratutako bidea nabarmendu du epaimahaiak
  • Hazia jarri du AAren gizarteratze prozesuetan, eta etorkizunean eragin positiboa aurreikusten zaio haren lanar

Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) da 5. Gladys Sariaren irabazlea. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta gaur, irailaren 16an, iragarri du. Saria irailaren 26an banatuko da, Donostiako EHUko Informatika Fakultatean egingo den ekitaldian.

Epaimahaiaren aktaren arabera: “Usue Morik ibilbide zientifiko sendoa du; baina gaur egungo “eliteko” ikerketa eredutik aldendu, eta adimen artifiziala gizartearen onurarako tresna gisa erabiltzea eta haren transferentzia lehenetsi ditu, horretarako, fakultateko beste ikerketa taldeetako kideekin ez ezik, jakintza arlo desberdinetako profesionalekin elkarlana bultzatu du. Haren lanari etorkizuneko eragin sozial positiboa aurreikusten zaio.”

PROFILA ETA IBILBIDEA

Usue Mori Carrascal EHUko irakasle agregatua da, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea ere bada. Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. 2015etik irakasle da unibertsitatean.

Ibilbide akademiko oparoaz gain, Morik ikerketa akademikotik haratago joateko hautu ausarta egin du. Haren helburua ez da soilik argitalpen zientifikoen kopurua handitzea, baizik eta adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea, eta ezagutza praktikara eramatea.

TRANSFERENTZIA ETA KONPROMISOA

Jakintzaren transferentziaren alde egindako lana nabarmendu du epaimahaiak. Moriren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dute eta ezagutzaren emaitzak praktikara eramaten dituzte, gizarteak horien onura zuzenean jaso dezan. Haren jardunak erakusten du ikerketa ez dela zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela.

AAren transferentzia gizarteko hainbat eremutan gauzatzen ari da, eta aldi berean, jende askoren parte-hartzea eta aktibazioa sustatu du. Lan ildo horretan uztartzen ditu elkarlana eta hausnarketa, formazioa eta aplikazio praktikoak, teknologia arduratsua eta irisgarria garatzeko asmoz.

Epaimahaiak azpimarratu du “Adimen Artifiziala: nondik, nola eta zertarako?” galderari heltzen diola, eta gizarte digital hobe baterako bideak aztertzen dituela, ikuspegi justu, arduratsu eta irisgarri batetik; eta espero daitekeela etorkizuneko eragin positiboa izango duten prozesuen hasiera izatea bere lana, ikuspegi sozial eta kolaboratibotik abiatuta, betiere genero ikuspegia eta elkarlana oinarri hartuta.

GLADYS SARIARI BURUZ

PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko berdintasun-zuzendaritza

Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. Sari banaketa irailaren 26an izango da, goizeko 11:30ean, EHUko Informatika Fakultatean. 

]]>
KAIXOMUNDUA.EUS LEHIAKETAREN VI. EDIZIOAK INOIZKO PARTE-HARTZE HANDIENA IZAN DU https://puntu.eus/kaixomundua-eus-lehiaketaren-vi-edizioak-inoizko-parte-hartze-handiena-izan-du/ Fri, 16 May 2025 15:00:29 +0000 https://puntu.eus/?p=6496
  • 1.600 ikaslek hartu dute parte; gaur, banatu dira webgune onenei sariak

PUNTUEUS Fundazioak antolatzen duen Kaixomundua.eus lehiaketaren VI. edizioa amaierara iritsi da, eta gaur goizean Bilboko EITBren egoitzan egin da sari banaketa ekitaldia. Lehiaketak helburu argia du: ikasleen gaitasun digitalak garatzea eta euskarazko eduki digitala sortzea, webguneen bidez.

Aurtengo edizioa orain arteko arrakastatsuena izan da, parte-hartze errekorrarekin: 68 ikastetxetako 1.600 ikaslek hartu dute parte, 587 taldetan banatuta, eta guztira 273 webgune aurkeztu dira. Olatz Arbelaitz PUNTUEUSen lehendakariak azpimarratu duenez, “kopuru hauek erakusten dute lehiaketak duen eragin positiboa hezkuntza komunitatean”.

Lehiaketa lau kategoriatan banatu da: DBHko lehen eta bigarren zikloak, batxilergoa eta lanbide-heziketa. Honako hauek izan dira aurtengo irabazleak:

  • DBHko lehen zikloa: Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeak eskuratu du saria. Euskalshop.eus izeneko online denda sortu dute modaren eta sormenaren zale diren ikasleek. Saria Ibai Peña, Tknikako zibersegurtasun ikertzaileak eman die Kaixo Mundua proiektuaren epaimahaiaren izenean.
  • DBHko bigarren zikloa: irabazle bat aukeratzeaz gain, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio hackintzarebels.eus webguneari. Ordiziako Jakintza ikastolako ikasleek “mundua aldatzeko istorioak kontatzen dituen hedabidea” sortu dute. DBHko bigarren zikloko saria  IES Lakua BHIko bizigasteiz.eus webguneak eskuratu du. Gasteizen turismoa eta aisialdia sustatzea helburu du webguneak. Kategoria honetako sariak Nerea Enbeita, Euskaltel Fundazioko zuzendariak banatu ditu.
  • Batxilergoa: Gasteizko IES Lakua BHIko ikasle Iker Perezek sortutako euskalandare.eus webgunea izan da garailea. Ingurumen-hezkuntza eta espezieen birlandaketa bultzatzea ditu helburu webguneak. Saria Oihane Mateos, EITB Mediako Digitaleko Albistegi buruaren eskutik jaso du.
  • Lanbide-heziketa: Usurbilgo Lanbide Eskolako aztarnak.eus webguneak eskuratu du lanbide-heziketako saria. Garaikurra Olatz Arbelaitz, PUNTUEUSen lehendakariaren eskutik jaso dute.

Ekitaldia Leire Martinezek gidatu du, eta besteak beste, honako hauek hartu dute parte: Olatz Arbelaitz, PUNTUEUSen lehendakaria;  Ibai Peña, zibersegurtasun ikertzailea Tknikan eta Kaixomundua.eus lehiaketako epaimahaikidea; Nerea Enbeita, Euskaltel Fundazioko zuzendaria; eta Oihane Mateos, EITB Mediako Digitaleko Albistegi burua

Sari banaketa zuzenean jarraitu ahal izan da eitb.eus webgunean eta EITBren YouTube kanalaren bidez.

]]>
ERREFERENTE BERRIEN BILA: ABIAN DA GLADYS SARIAREN BOSGARREN EDIZIOA https://puntu.eus/erreferente-berrien-bila-abian-da-gladys-sariaren-bosgarren-edizioa/ Mon, 07 Apr 2025 11:36:48 +0000 https://puntu.eus/?p=6461

Gladys Sariaren bosgarren edizioa aurkeztu da gaur Donostian, inoizko babesik handienarekin. PUNTUEUS Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta UPV/EHUko berdintasun-zuzendaritza.

Gladys Saria 2021ean sortu zen, emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzeko, eta euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Lau urteko ibilbidean, gero eta interes handiagoa piztu du, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea.

Edizio bakoitzak emakume bat saritzen du, eta Olatz Arbelaitzek, UPV/EHUko Informatika Fakultateko Berdintasun Batzordeko kideak, adierazi duenez, “orain arte lau emakume saritu ditu Gladys Sariak, profil desberdinetakoak, eta horrek erakusten du askotariko erreferenteak behar ditugula. Neska gazteek sektorean aukera oso ezberdinak dituztela ulertzea nahiko genuke”.

Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Horrez gain, Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume haren lana gogoraraztea ere bada lehiaketaren xedeetako bat da.

INDAR KOLEKTIBOAREN EMAITZA

Aurten, orain arteko babes sare sendoena osatu da sariketaren inguruan eta euskal gizartean eragin handia duten erakunde oso ezberdinak elkartu dira helburu beraren bueltan. Lorea Arakistain, Puntueuseko marketin eta komunikazio zuzendariaren hitzetan, “Gladys teknologia eta berdintasunaren arteko elkargune gero eta garrantzitsuagoa da; komunitatearen konpromisoa azpimarratu nahiko nuke, emakumeekin eta teknologiaren etorkizunarekin”.

Gipuzkoa Foru Aldundiak bere aldetik, aro teknologiko berri batean aurrean egotearen erronkaz ariotu da, Nerea Isasi Berdintasun Zuzendariaren hitzetan “Gipuzkoak munduko ordenagailu kuantiko bakanetako bat hartuko du laster. Gure lurraldea erreferente izango da, eta horrek aukera berriak ekarriko ditu, baita erantzukizun bat ere: emakume gehiago prestatzea, inspiratzea eta erreferente bihurtzea sektore berri honetarako”.

4.000 EUROKO ORDAINSARIA

Abian den edizioan 40 urte urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute;  ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke. Hautagaiek bere burua aurkez dezakete sarira, baina edozeine proposatu ditzake hautagaiak. Sari bakarra izango da eta epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa, egin duen ibilbide profesionala, eta emakumeak sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko gaitasuna.

Izen-ematea zabalik dago jada, eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkeztu daitezke ekainaren 1era arte. 4.000 euroko ordainsaria jasoko du irabazleak.

ADIERAZPENAK

Gainerako erakunde-babesleek ere beren ikuspegia gehitu dute:

  • Iker Usabiaga, Danobatgroupeko Gestio Sozialeko zuzendaria: “Danobatgroupek bere lehen ediziotik babesten du Gladys Saria, eta uste dugu emakumeen talentu digitala eta belaunaldi berriek STEAM arloekiko duten interesa bultzatzea funtsezkoa dela makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean ditugun erronkei erantzuteko. 
  • Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria: “Sari hau funtsezkoa da zientzia eta teknologiako emakumeen ikusgarritasuna eta prestigioa sustatzeko, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko, eta gaur egungo baldintzak hobetzeko. Genero-arrakala ez da presentzia faltan soilik ageri, baizik eta oraindik nagusi den ikuspegi androzentrikoan ere. Horregatik, beharrezkoa da paradigma-aldaketa bat, berdintasuna sistematikoki txertatzeko”. 
  • Nerea Enbeita, Euskaltel Fundazioko zuzendaria: “Bokazio zientifikoak norbaitek inspiratzen zaituenean pizten dira, norbaitek zugan sinesten duenean, norbaitek erakusten dizunean mundu hori zurea ere izan daitekeela. Euskaltel Fundazioan etorkizun digitala aniztasunez eta berdintasunez eraikitzen dela sinesten dugu. Horregatik, neska eta emakume gazteei zientzia eta teknologiako erreferenteak eta espazioak hurbiltzeko ekimenak sustatzen ditugu”.
  • Vanesa Fernandez, EITBko Euskara eta Kultura zuzendaria: “Ikus-entzunezko  talde publiko gisa, ingurune digitalean egiten dugu lan eta esparru hori indartzea  ezinbestekoa da guretzat.  Beraz,  honegatik guztiarengatik, aurten lehen aldiz erabaki dugu Puntueus etaUPV/ EHUKo Informatika  Fakultatearen  deiari erantzun eta  Gladys Saria babestea”.

AURREKO EDIZIOAK

Aurreko urteetako Gladys saridunak hauek izan dira:

·   2021: Ane Iturzaeta Agirre 

·   2022: Olatz Perez de Viñaspre

·   2023: Amaia Abanda Elustondo

·   2024: Lorea Argarate Zubia

]]>
PUNTUEUS FUNDAZIOAK ETA EUSKALDENDAK KONFEDERAZIOAK LANKIDETZA HITZARMENA BERRITU DUTE https://puntu.eus/puntueus-fundazioak-eta-euskaldendak-konfederazioak-lankidetza-hitzarmena-berritu-dute/ Thu, 27 Mar 2025 09:53:24 +0000 https://puntu.eus/?p=6406 Josu Waliñok, PUNTUEUS Fundazioaren zuzendariak, eta Víctor Lizarribarrek, EUSKALDENDAKeko lehendakariak, lankidetza-hitzarmen berritu dute. Hitzarmen hau duela urtebete ezarri zen PUNTU EUS FUNDAZIOAREN eta EUSKALDENDAK konfederazioaren artean. PUNTU EUS FUNDAZIOA .EUS domeinuaren kudeaketaz arduratzen den erakunde pribatua da, eta bere misioa euskararen, euskal kulturaren eta teknologiaren sustapena da. Gainera, fundazioa osatzen dutenen artean EITB eta UPV bezalako erakunde garrantzitsuak ditu. Bestalde, EUSKALDENDAK Euskadiko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Enpresa Konfederazio handiena da, 6.500 establezimendu baino gehiago ordezkatzen dituena. Bi erakundeek helburu komun bat partekatzen dute: euskara sustatzea ingurune digitalean.

EUSKALDENDAK konfederazioak hitzarmen  honen abantailak bere hiru lurralde- erakundeetara zabalduko ditu: DENDARTEAN Gipuzkoan, BIZKAIDENDAK Bizkaian eta ARABADENDAK Araban. Prozesu honetan, bazkide guztiek abantaila nabarmenak izango

dituzte bai merkataritzaren alorrean, bai segurtasunari dagokionez. Izan ere, domeinu honen erabilerak hainbat onura eskaintzen ditu, hala nola gure webguneen posizionamendua eta zibersegurtasuna hobetzea. Horrez gain, establezimenduek Fundazioaren babesa izango dute, eta horrela, bazkideek euren proiektu digitalak euskaraz garatu ahal izango dituzte, hosting zerbitzu bereziak eskuratu, eta .EUS domeinua doan erregistratzeko deskontu-kodeak jaso.

Merkataritza-establezimendu guztiek eskaerak egiteko inprimaki bakarra sortu da: htps://labur.eus/euskaldendak, non establezimenduek modu erraz batean izapideak egin ahal izango dituzten.

]]>